Komunikabideen bitartez lehenengo eta gure udal ordezkarien bitartez ondoren jakin dugu, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak landutako garraio publikoaren berrantolaketa prozesuaren barruan, Galdakako lantzadera gure Udalerriko metro geltokira heltzea erabaki dela.
- Horren aurrean, gure ordezkariak aurretiaz informatuak izan ez direlarik eta 2012ko maiatzean aurkeztutako aurreproiektuan jasotzen ere ez zelarik, gure desadostasun osoa eta haserrea agertu nahi dugu, Etxebarriren aurrean hain era ilunean jardun izanagatik, talde agintariek beste erakundeekiko eta bere auzotarrekiko harremanetan elkarrizketa eta informazioa lehenesten duten herriaren aurrean hain zuzen ere
- Lantzadera Etxebarriko metro geltokira hel dadin galdakaoztarren nahiaren jakitun gara, ulertzen dugu, politikariek euren nahierara jokatuta, lantzaderak metro geltokitik 400 metrotara gelditzen baitziren, gerora oraindik ere urrunago eroan zutelarik.
- Ez da galdakaoztarrenganako elkartasun falta, elkartasuna sobera erakutsi zuen Etxebarriko herriak 5 urte luzez jasandako Basauriko lantzaderarekin. Orduan ere, era ilun berdinean inposatu zen gure herria erdiz-erdi zeharkatzen zuen Basauri-Etxebarri lantzadera zerbitzua. Behintzat, lantzadera zerbitzu horrek iraungitze data zeukan, Metroa Basaurira heltzeko lanak hasiak baitziren. Oraingo honetan hori ere ez.
- 2011gn urtean Foru Aldundiaren (EAJ) aginduz, Eusko Jaurlaritzak (PSE) Galdakao-Metro Etxebarri lantzadera abian jarri zuen egunean bertan geldiarazi zuen Ertzaintzak, erabiltzaileak jaitsaraziaz, eta Galdakao-Basauri lantzadera ezarri zuen. Zergatik egiten du atzera orain Foru Aldundiak (EAJ), lehenago galarazi zuen Etxebarrirako ibilbide berbera ezarri nahi duelarik?
- Orain entzungor egiten dute, baina Foru Aldundiak berak eskatutako txosten baten arabera, nahikoa da espaloietan obra txikiak egitea autobusak Arizeko metro geltokira hel daitezen. Konponbide horrek egingarri izaten jarraitzen du.
- Zentzuzkoa al da garaiotan, Etxebarrira 10 minuturo heltzen den linea bat? Etxebarritik egunero ia 200 autobus igarotzea jasan behar al dugu, horrek ekarriko lukeen zarata, kutsadura eta herritarrentzako arriskuarekin?
- Zentzuzkoa al da lantzadera abian jartzea, oraindik ere Bizkaiko Garraio Partzuergoak Metro linea 5 onartu ere egin ez duenean? Noiz arte jasan behar izango dugu lantzadera hori?
Gure taldea ez dator batere bat inposaketa horrekin, eta horregatik Bizkaiko Foru Aldundiari galdegiten dio Bizkaibus 3932 Linea (Galdakaoko lantzadera) proiektua berbidera dezan eta ibilbidea, denbora eta dirua aurrezte aldera irtenbiderik logikoena ezar dezan, galdakaoztarrak Arizeko metro geltokira hurbilduaz.
Gure ikuspegiarekin ados bazaude eta informazio zabalagoa jaso nahi baduzu, hurrengo datan egingo dugun batzarrera deitzen dizugu:
Azaroaren 13an, asteazkena, 20:00etan CIMEko 2gn solairuan
(Informatika Zentrua)