LVP talde independienteak Kultura eta Kirolerako BEZ murriztua berrezartzea eskatu du

LA VOZ DEL PUEBLO TALDE INDEPENDENTEAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, ESPAINIAKO GOBERNUARI KULTURA ETA KIROLERAKO BEZ MURRIZTUA BERREZARTZEA ESKATZEKO

Kulturak eta kirolak herritarron bizi kalitatean eta pertsona bezala gure garapenean, hezkuntzan, nortasunean eta sozialki zuzenean eragiten dute, baita elkarbizitzarako funtsezkoak diren tolerantzia eta errespetua baloreak sustatu ere.

3gn belaunaldiko eskubideak dira ere, botere publikoak zuzenduak eta babestuak izan behar dutenak (Espainiako Konstituzioko 44gn artikuluaren arabera: “Botere publikoek guztion eskubidea den kulturarako sarbidea sustatu eta zuzenduko dute”).

Zentzu horretan, administrazioak herritarrok kultura eta kirol alorretara iritsi, parte hartu eta gozatu ahal izatea bermatu beharko luke, bere garapena babestuz eta askatasunez gozatzeko guztion eskura beharrezkoak diren giza-baliabide eta baliabide material eta tekniko guztiak jarriaz.

Halaber, Europa mailan kultura eta Kirol alorrean markatzen diren ildoak bete behar dira (Kulturarako Agenda Europarra eta Europar Batasuneko jarduera fisikorako Ildoak).

Kulturarako Agenda Europarrak 2011-2014 planean helburu estrategikoak lortzeko ekintza batzuk ezartzen ditu, herrialdetako agintarien laguntza, kultura alorreko eragileekin elkarrizketa eta Europar Batasuneko beste politiketan kultura integrazioaren bitartez lortu asmoz. Hiru ekintza nagusi zehazten ditu horretarako:

  • Kultura aniztasuna eta kulturen arteko elkarrizketa sustatu
  • Hazkundea, enplegua, berrikuntza eta lehiakortasunaren markoan, kulturaren sormenaren katalizatzaile modura sustatu
  • Kulturaren sustapena nazioarteko harremanetan bizi-elementua bezala

Europar Batasuneko jarduera fisikorako Ildoen arabera, lotura zuzena dago kirol jarduna, osasuna eta bizi kalitate hobea izatearen artean. Munduko Osasun Erakundearen hainbat gomendiotan oinarritzen da txostena osatzeko. Bertan argi eta garbi azpimarratzen du agintaritza publikoek (herrialde, eskualde eta tokikoek) bete beharreko helburu orokorrak: “Gizarteko segmentu guztietan, kalitatezko kirolean gizartearen parte-hartzea handitu”.

Zehazki zera dio “Kirol instalakuntzetara sartzea erreza izan behar du… kirol instalakuntzen eraikuntza, berrikuntza, gaurkotze eta mantentzea barne, baita instalakuntzen erabilerako dohaineko edo prezio murriztuak ezartzea. Diru publikoek adibidez, elitezko instalakuntzen aurrean, “guztiontzako kirol” instalakuntzak lehenetsi beharko lukete”.

Gobernu Zentralak ez du soilik honezkero krisi ekonomiko orokorrak “ikututa” zeuden alorretako laguntzak murriztu, gainera eskubide horietarako sarbiderako zergak gogortu ditu, BEZ normalizatuan sartuta. Horrek zerbitzu horietan %13ko igoera (%8tik %21era) suposatu du, luxuzko zerbitzu bihurtuta.

Neurri hori indarrean urte bat egon ondoren, elkarte eta federazio desberdinek datu eta txosten kezkagarriak plazaratu dituzte.

Alde batetik, Musika Sustatzaileen Elkarteak eta Ikuskizunen Ordezkari Teknikoen Elkarteak 2013ko ekainean aurkeztutako txostenean, indarrean egondako lehenengo 6 hilabeteen azterketa egin du, hurrengo ondorioekin:

  • Txarteldegietako diru sarreren %24ko murrizketa (2013ko lehenengo 3 hilabeteetan).
  • Martxoaren 31ra arteko sarreren salmentagatiko diru bilketek %27,51ko jaitsiera pairatu dute, azkeneko hilabete horretan %42,19ko maximoarekin.
  • Sektoreko enpresen %25eko itxiera, zuzeneko 500 lanposturen galera, milaka zeharkako eta aldi baterako lanposturen galera eta soldaten murrizketak.
  • Zerga alorrean, administrazioak 8.996.913,99 euro gehiago lortu du BEZaren 21erako igoerarekin, baina 11.759,740,91 euro gutxiago jaso ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko zerga edo Gizarte Segurantzaren bitartez. Beraz estatuak finean 2.762.826,92 euro gutxiago jaso du , txostenaren arabera.

Bestalde, Antzerki eta Dantza Enpresa Elkarteen Estatu Federazioaren arduradunek, neurriak indarrean egondako lehenengo 4 hilabeteak erreferentzi hartuta, iragan urtearekin konparatuta antzerkiak 1,8 milioi ikusle galdu dituela (%31,43a), diru-bilketa garbia %33an jaitsi dela eta 600 lanpostu zuzen galdu direla egiaztatu dute.

Zinema sektoreko datuak ez dira ere onak, txarteldegietan %5,3ko jaitsiera eta %12,7ko lanpostu galerarekin, 2012ko irailetik 2013ko martxora arteko epean.

Kirol Instalakuntza Enpresarien Nazio Federazioak sortutako begiratokiaren arabera, zerga aldaketatik 12.500 lanpostu baino gehiago galdu da, sektore osoko %16,5a alegia.

Gure Udalari, gainontzeko tokiko erakundeei bezala, erabaki horiek ere eragin diote.

Etxebarriko Udalaren Europar ildoekin konpromisoa eta “guztiontzako kirola eta kulturaren” aldeko apustua argia da, baina neurri horiek politika horietan lan egiteko ahalmena murrizten dute:

  • Arlo Soziokulturalari garestiago zaio ikuskizun artistikoak kontratatzea
  • Udalerriko elkarte eta klubei garestiago zaie zerbitzu berdinak eskaintzeko hornidurak erostea
  • Jai-batzordeei garestiago zaie orkestra eta antzerki ikuskizunak kontratatzea eta aurrekontuan eragiten die zuzenean
  • Kiroldegiko erabiltzaileei salneurriak %13an garestitu zaizkie, nahiz eta gure urteroko abonuaren tasa zerga aurretik 2009gn urtetik berdina izan.
  • Udalak Kiroldegia kudeatzen duen enpresari ordaindu beharreko kanona %13an garestitu da, urtean 75.000 euroan alegia, enpresarentzako inolako onurarik ez dakarrelarik.

Neurri horri guztiz inkoherente deritzogu Europar ildoei dagokienez…

… kultura eta kirolerako hiritarron sarbidea zailtzen du, eta horrekin, gizarte aktibo, aberats eta anitzagoa lortzea zaildu ere,

… gizartean desberdintasunak areagotzen ditu,

… eta hiritarren multzo handiak marjinatzen ditu, egoera ekonomiko makalagoa dutenena alegia.

Arestian azaldutako guztiarengatik, La Voz del Pueblo Udal-Taldeak

Zera proposatzen du:

  1. Etxebarriko Udaleko Osoko Bilkurak Espainiako Gobernuari galdegitea, Kultura eta Kirola lehentasunezko sektore estrategikoak bezala har ditzala eta eskubide bi horiek BEZ murriztuan sailka ditzala berriro ere.
  2. Kontuan har dezaten, erabaki honen berri Espainiako Gobernuari, Euskal Erkidego Autonomoko Gobernuari, EUDELi eta Udal eta Probintzien Espainiako Federazioari ematea.

Etxebarrin, 2013ko irailaren 27an

Esta entrada fue publicada en Posicionamiento · Jarrera. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *