- Epaileak auzia artxibatu du eta ez du deliturik ikusi, Loren Oliva eta Iker López alkateak erantzukizun penaletik salbuetsiz
- Epailearen arabera, ez zen deliturik izan ezta hirugarrenei kalterik egin ere, eta azpimarratu du zalantzan jarritako prestakuntza ez zela nahitaezko betekizuna
Etxebarriko Udalak urrats sendoa eman du 2019 eta 2024 urteen artean Udaltzaingoaren agenteen kontratazio-prozesuak sortutako polemika behin betiko ixteko. Izan ere, kontratazioen inguruan irekitako auzi judiziala artxibatua izan da, instrukzio-epaileak ez duelako delitu-zantzurik antzeman. Epaiak erantzukizun penalik gabe uzten ditu Loren Oliva eta Iker López alkateak, baita ikerketapean egon diren azpi-ofizialak eta udal funtzionarioak ere.
Kontrobertsia 2023ko abuztuan hasi zen, Udalak kontratazio-agiri batean irregulartasun posible bat antzeman zuenean. Gardentasunez jokatzeko borondatez, 2024ko maiatzean Fiskaltzaren esku utzi zuen gaia. Hala ere, Polizia Judizialeko eta Ikerketa Kriminaleko Zentroak (SCIC-PJ) prozedura penal bat abiarazi zuen, udal arduradun nagusiak barne hartuz, eta auziaren berria prentsan filtratzeak oihartzun mediatiko handia izan zuen.
2025eko urtarrilean emandako auto judizialaren arabera, ez zen baimen-titulu faltsifikaziorik izan; gehienez, merezimendu baten inguruko zehaztugabetasun arina, baina horrek ez zuen inor kaltetu, ez baitzegoen beste hautagairik. Gainera, epaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak —plakak eta txartelak jaulkitzeko ardura duen organoak— ez zuela inolako eragozpenik jarri izendapenen unean.
Hori ikusita, Udalak “deigarria” deritzo erakunde horrek berak ondoren salaketa aurkezteari, bere jardunaren erantzukizunetik ihes eginez, eta Polizia Legearen interpretazio oker batean oinarrituta gainera, epaileak berak agerian utzi duenez.
Gertatutakoaren aurrean, Udalak Herrizaingo Sailburuordetzako arduradun nagusiekin bilera bat eskatuko duela iragarri du. Helburua: Segurtasun Sailari azalpenak eskatzea jarduera kontraesankorragatik, eta prentsara egindako filtrazioei buruzko ikerketa bat ere eskatzea, arau-hauste penalak izan baitaitezke.
Testuinguru honetan, La Voz del Pueblo (LVP) gure taldeak mozio bat aurkeztu zuen azken udal osoko bilkuran, eta Gobernu Taldearen, LVPren, botoekin onartua izan zen; EH Bildu, EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. Mozioan, alkateei eta funtzionarioei babesa adierazten zaie, Segurtasun Sailari barkamena eskatzea eskatzen zaio Udalaren irudiari egindako kalteagatik, eta erakundeen arteko lankidetzaren eredua birplanteatzeko beharra nabarmentzen da, Udaltzaingoaren gaietan bereziki.

Era berean, mozioak azpimarratzen du, beharrezkotzat jotzen dela ikertzea ea zergatik Etxebarri izan den Euskal Herrian ikertutako udal bakarra, kontuan izanda beste udal askok —EAJ edo EH Bilduk gobernatutakoek ere bai— AVPEko (Euskal Herriko Polizia eta Larrialdietako Akademia) poltsa hautagai-zerrendarik gabe egon denean, kontrataziorako bide alternatiboetara jo behar izan dutela ere eta horietan AVPE-k Etxebarriren kasuan derrigorrezkotzat jotzen zuen formakuntza hori eskatzen ez zenean ezta ere.
Udalak konpromisoa hartzen du era berean auto judiziala zabaltzeko, deliturik egon ez dela argi gera dadin, eta udal langileen eta Udaltzaingoaren lana eta osotasuna publikoan defendatzen jarraitzeko.